FAQ
Prozesu edo ariketekiko zalantzak argitzeko gunea
Prozesu edo ariketekiko zalantzak argitzeko gunea
Zalantzarik baldin badaukazu, idatzi hona: zalantzak@ehi.ikastola.eus (zuen galderak jaso, erantzun eta hemen azpian argitaratuko ditugu)
Galdera/erantzunak
Hasi gara jada ariketak egiten. Nora bidali behar ditugu feedback dokumentuak edo "itzulerako euskarriak"?
Ikastolen Elkarteak dinamizatzaile guztiekin partekatutako Drivera "igo" behar dira dokumentuok, dagokien ikastolaren karpetara.
Galdetegia bete dugu jada. Nola deskargatu edo erabil ditzaket gure ikastolaren emaitzen diagramak?
Diagrama horiek txosten formako dokumentu baten edo aurkezpen formatuko baten txertatu nahi izanez gero (Artezkaritzan aurkezteko edo interesatuei bidaltzeko), modu praktikoena hau da: galdetegiko emaitzetako pantaila bakoitzari [filtroak nahieran erabilita] pantaila-argazkia kopiatu (teklatuko ImprPant edo PrintScr sakatuz), word edo ppt dokumentuan itsatsi (Ctrl V) eta irudia nahieran moztu (diagrama bat, bi edo serie osoa hartuz).
Jotform-ek ez du aukera handirik ematen formatu desberdinetan deskargatzeko; halere, PDF formatuan deskargatu nahi izanez gero, nabigatzailearen Inprimatu komandoan PDF gisa "inprimatu" daiteke.
Noizko bukatu behar dira ariketak?
Nahitaezko 3 ariketak apirila eta maiatzean zehar egin behar dira. Emaitzak jasotzeko euskarriak maiatzaren 31 baino lehen beteta itzuli behar dira Elkartera.
Kasu denboraren kudeaketarekin: zenbait ariketaren hartzaileak ikastolako komunitateko kide guztiak izan daitezke, eta tartean Aste Santuko etenaldia daukagu; gainera, ariketa guztiak ezin dira aldi berean egin.
Hautazko ariketa jakin batzuk (batez ere sozializazio helburua dutenak) maiatzetik aurrera ere luzatu ahal izango dira.
Ariketak orden jakin baten egin behar al dira?
Bai, ariketak elkarrekin lotuta daude eta sekuentzia jakin bat dute (1>2>3); nahitaezko ariketei dagokienez, lehenengo galdetegia ikastolak komunitateari bidali eta epe motzean jaso behar du; gero Artezkaritzak saio parte-hartzailean egingo du galdetegiko emaitzen irakurketa; azkenik, Artezkaritzak hautatutako bi gaien inguruko lanketa sakonagoa egin beharko du ikastolak.
Hautazko ariketen kasuan, aukeratutako ariketen funtsaren arabera orden jakinik gabe egin ahal izango dira edo sekuentzia logiko baten arabera.
3. ariketarako (Endekalogoko 1-2 punturen gaineko eztabaida saioa) partaideen aukeraketa egiteko zeintzuk dira irizpideak? Ezinbestean egin behar da Artezkaritza Kontseiluarekin?
Hauek izan daitezke eztabaida saioetarako pertsonak aukeratzeko irizpideak: hautatuko den gaiaren arabera gaian interesa izan dezaketenak, gaian ezagutza edo ibilbide bat egina dutenak, iritzi edo ikuspegi desberdinak izan ditzaketenak... Finean, eztabaida aberatsa izateko aukera emango digutenak. Gaiaren arabera ikasleek ere parte hartzea interesgarria izan daiteke, baina ondo pentsatu behar da eztabaida denen mailan kokatzeko baliabideak jarriz.
Eztabaida saioetan ez da beharrezkoa Artezkaritzako kide guztiek parte hartzea; ikastolako komunitateko ordezkari diren heinean, komeni da beren ikuspegia eztabaida taldean txertatzea baina nahikoa da 2-3 kidek parte hartzea. Dena den, ikastola bakoitzak erabakiko du eztabaidarako hautatu diren gaien arabera Artezkaritzako zenbat kidek parte hartuko duten. Baina denek parte hartzea ez da nahitaezkoa.
Hautazko ariketak egiteko zain egon behar al da Artezkaritzaren eta gaien eztabaidarako saioak egin arte?
Galdetegia egin eta abiatu daitezke hautazko ariketak, modu paraleloan egin daitezke, ez da zertan zain egon behar Artezkaritzak eta beste lantaldea(k) saioa egin arte.